2014(e)ko urriaren 12(a), igandea

Hezkuntza sistemaren egitura berria (LOMCE)


Espainiako gobernuak pasaden urtean LOMCE delako legea aurkeztu zuen eta horren harira hainbat eztabaida eta mugimendu egon dira honek suposatuko dituen aldaketengatik. Gobernuak lege hau aplikatzeko duen arrazoia Espainiako hezkuntzaren egoera txarra da. Estatistikek argi uzten dute Europako beste herrialdeekin alderatuz eskola goiz uztearen tasak eta langabezia tasak oso altuak direla. Gainera kanpoko balorazioetan (PISA txostena adibidez) ez du iruzkin onik lortzen, atzerriko hizkuntzetan dagoen maila baxua azpimarratuz.

Aurretik aipatutako arrazoiak abiapuntu hartuz Espainiako gobernuak bete nahi dituen helburu nagusietako bat hezkuntza eskaintza arrazionalizatzea da, hau da, beharrezkoak ez diren eta orain arte indarrean zeuden hainbat zerbitzu kentzea. Adibidez, orain arte ikastetxeak arlo gehienak eskaintzera behartuta zeuden (ikasle kopuru minimo batek aukeratuz gero) baina erreforma honekin zentro bakoitzak nahi edota ahal dituenak eskainiko ditu, erraztasunak emanez adar bereko arloetan espezializatzeko. Gainera, hezkuntza sistemaren maila ezberdinen egitura aldatuko da, sistema eraginkorragoa eta merkeagoa izan dadin. Lehen hezkuntzan lehen hiru ziklo zirenak orain bi ziklo izango dira. DBH mailan bi ziklo mantenduko dira baina lehengoak 1. 2. eta 3. mailak hartuko ditut eta bigarrenak 4. maila. Honetaz aparte oinarrizko lanbide heziketa gehituko dute eta ikasleak honetan matrikulatuko ahal dira 3. maila bukatu bezain laster eta baita bigarrena bukatutakoan ere zenbait kasu berezitan. Azpimarratzekoa da DBHko laugarren mailan espezialitate aplikatuen eta akademikoen artean aukeratu behar dutela ikasleek, erabaki honen arabera izango direlarik lanbide heziketan edo batxilergoan.

Beste helburuetako bat hezkuntzaren etapa bakoitzean dagozkion helburuak lortu diren ala ez adieraztea da, hainbat azterketa ezarriz etapa bakoitzaren amaieran. Hasteko, lehenengo hezkuntzako hirugarren mailan proba bat egingo dute ikasleen zailtasun posibleak hautemateko eta horren ondoren irakasleek egoki deritzen neurriak hartuko dituzte. Seigarren mailan gobernuak diseinatutako azterketa bat egingo da ikasleen gaitasun ezberdinak neurtzeko eta honekin txosten bat idatziko da zentroei, irakasleei eta familiei bidaliko zaiena bakoitzak haren aldetik hobetu dezan. Bestalde, DBHn amaierako ebaluazio bat egin beharko dute titulua lortzeko, honetan lortutako notak DBH osoaren %30a balioko duelarik. Probak ezberdinak izango dira ikasleak batxilergoa edo lanbide heziketa egin nahi duenaren arabera. Azkenik, batxilergo amaieran ere ebaluazio bat ezarriko da, titulua lortzeko beharrezkoa dena eta notaren %40a balio duena. Ikusi ahal izan dugunez, proba horiek jartzearekin batera gobernuak ikasleen helburu eta bideak nolabait kontrolatuko ditu, hau da, hasieratik zailtasunak dituzten ikasle kopuru bat markatzen joaten da denborarekin hauek lanbide heziketara bidaltzen joango da goi mailako formazioa jende gehiegik eduki ez dezan.

Lehenago aipatutako helburuez gain, gobernuak ikasketa zentroen teknologia maila hobetu nahi du, gela birtuala bezalako baliabideak eskainiz. Atzerriko hizkuntzen ikasketa ere hobetu behar dela kontuan hartzen du gobernuak eta horretarako hezkuntza plurilinguearen oinarriak ezarriko ditu autonomia erkidegoekin batera. Gainera hizkuntzen ulermena oinarritzat hartzen saiatuko dira hemengo hizkuntzak bakarrik laguntza bezala erabiliz eta zentro guztietan adituak lortuz.

Gobernuaren proposamen honi buruzko informazio osoa Espainiako gobernuaren hezkuntza, kirol eta kultura ministerioaren webgunean ageri da, eta baita legea aurrera ateratzera eraman dituen arrazoiak ere. Guk ikusi ahal izan dugu hobetu behar diren gauzak nabariak direla Espainiako hezkuntza sisteman baina lege honek hori hobetu beharrean sistema eta ikasleak lehiakorragoak egiten dituela, hezkuntza egituraren berreraikitze osoa alor ekonomikoan arreta jarrita eginez.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina