Mikel Ornat etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Mikel Ornat etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014(e)ko azaroaren 30(a), igandea

Rol playing-a

HAUSNARKETA
Rol playingerako behar izan dugun dokumentazioa lortzeko Toki Eder ikastolan oinarritu gara, bertan kultur-aniztasuna, elkarlana eta bizikidetza sustatzen direlako.

Gurasoekin bilera  

Gaur 6.B klasean Josuren gurasoekin bildu da tutorea, honen jarrera kezkagarriari buruz hitz egiteko. Horretaz gain, jantokiko begiralea ere bileran egon da, umea jantokian nola portatzen den jakinarazteko.

Gurasoekin hitz egitean, tutoreak eta jantokiko begiraleak adierazi dute Josuk gehiegi hitz egiten duela klase orduetan, eta lagunekin jolasean ibiltzen dela ezin denean. Gainera, bai klasean bai jantokian irakasle eta begiraleak zirikatzen ditu. Honekin lotuta ere aipatzeko da jantokian eragin dituen hainbat istilu (janaria jaurtitzea, borrokak...).

Gurasoak (kasper taldekoek egindakoa) esandakoarekin harritu ziren, etxean ez baita horrela portatzen haien esanetan. Hala ere, irakasleak eta begiraleak esandakoa sinetsi zuten eta harekin hitz egiten eta neurriak hartzen saiatuko zirela esan zuten. Bestalde, adin honetako umeengan nahiko arrunta izan ohi da jarrera hori, beraz gehiegi ez kezkatzeko eta gaia lasaitasunez hartzeko eskatu zieten gurasoei.

Azkenik, irakasleak eta begiraleak umearen jarreraren eboluzioa aztertuko dute, etorkizuneko bileretan gurasoei jarrera zuzentzen laguntzeko eta umeari ikasketetan laguntzeko.





Kurstoko aurkezpena 

Astean zehar prestatzen egon garen rol-playing-ari gaur eman diogu amaiera. Inazio Ruiz tutorearekin eta Ageda Perez zuzendariarekin elkartu dira gurasoak, eta bertan 2014- 2015 ikasturteko plangintza azaldu diete. Guraso lanetan, Kasper taldeko hiru kide aritu dira eta oso gustura aritu direla komentatu digute.
Gaur kurtsoko lehenengo bilera izan dugu gurasoekin batera, eta ikasturteari buruzko informazioa plazaratu diegu txosten informatibo baten bidez. Bileran tutorea eta zuzendaria agertu dira eta kurtsoaren nondik norakoak azaldu dituzte gurasoen aurrean. Azalpena aurrera joan ahala gurasoen galderak sortzen hasi dira esate baterako, plastika orduetarako arropa zikinaren beharra, horrelako bilera gehiago egongo diren, kanpoko ekintzak, eta abar.
Tutoreak eta zuzendariak azaldu dutenaren artean honako hauek aurki ditzakegu: ordutegia, egutegia, eskolaz kanpoko ekintzak, jantokia, ikasgaien azalpen laburra eta urteko irteerak. Guraso elkartearen eta liburutegiaren inguruan hitz egin da eta gurasoen zalantzak argitu dira.
Honekin guztiarekin bilerari amaiera eman diogu eta hainbat ondorio atera ditugu. Horien artean honako hauek daude: tutore lanetan izandako esperientzia interesgarria, urtero bilera hau egitearen beharra, gurasoen aurrean adierazi beharreko konfidantza eta jokabide egokia eta abar.
Laburbilduz, etorkizunean aurkituko ditugun egoeren aurrean nola joka dezakegun ikasteko esperientzia interesgarria iruditu zaigu. Izan ere guraso eta irakasleen arteko harreman on eta estu bat gauzatzea ezinbestekoa da ikaslearen garapen egokia bermatzeko.

2014(e)ko urriaren 25(a), larunbata

Ikasketak eta motibazioa


·         Motibazioa oso garrantzitsua da umeen heziketan: Honek eramaten ditu gauza edo ekintza desberdinetan interesatzera.
·         Motibazioa izateko beharrezkoak diren balioak: beharrak izatea, jakiteko desioa, tentsioa neurri txiki batean, deserosotasuna, eta aukerak zein itxaropena.
·         kanpo zein barneko eragileak:

            - Egin beharreko lanarekiko motibazioa: Ikasleak gogotsuago hartuko du modu                errazean bereganatutako eta ulertutako ikasgaia.

            -Norberarekin lotutako motibazioa, autoestimua: gaia ulertutakoan eta aurrera joan ahala ikasleak modu positibo batean ikusiko du bere burua,modu honetan ikasitakoa oinarri hartuta bere buruarekiko harrotasuna lortuko du.

            -Gizartean oinarritutako motibazioa: sozialki( irakasle zein guraso) bere gainetik daudenen onarpena beharrezkoa da, ondorioz haiekiko duen harremana.

            -Kanpoko sariekiko motibazioa: Behin helburua lortutakoan kanpotik etorriko diren sariak daude, gehien bat gizartearen oinarrietatik: gurasoen ordainsaria, urrezko matrikula eta abar.

       ·         Motibazioa aurrera eramateko:

            -Akatsak ikasteko modu baten moduan ikustea, eta ez ordea gaitasun ezaren seinale.

            -Arrazonamendua eta ulermena heziketa prosezuaren ekintzak zein gataztak konpontzeko tresna gisa erabiltzea.



Gaur egungo ikasleek eta aurreko belaunaldietako ikasleek ez dute motibazio bera, horren ondorioz hezkuntza sistema aldatu beharko litzateke, baina ez da horrela gertatu, izan ere hezkuntzak berdin jarraitzen du, ikasleen motibazio moduen araberako hezkuntza garatu gabe.

2014(e)ko urriaren 17(a), ostirala

Irakaslearekin ikasitakoa


Irakasleei egindako elkarrizketen ondorioak gure artean partekatu ondoren, informazioa modu honetan antolatzea egokia iruditu zaigu, izan ere, hiru bloke nabarmentzen direla uste dugu: ondorioak, ikasitakoa eta sentsazioak. Modu honetan, garrantziaren arabera adar horiek hedatuz doaz eskema zabal bat osatuz.Eskema honek, guk ikasitakoa era labur eta argi batean erakusten du.



2014(e)ko urriaren 10(a), ostirala

LOMCE: etorkizuneko hezkuntza



Gaur egun arte izan dugun LOE hezkuntz-ereduaren alternatiba gisa, gobernuak LOMCE izeneko erreforma aurrera eraman du Espainia osoan. EAEren kasuan legea ez da bere osotasunean aplikatuko; izan ere, euskararen eta eskola-kontseiluaren alorrean indarrean zeuden eskubideak mantendu egingo dira. Haur Hezkuntzan izan ezik, Lehen Hezkuntzatik Unibertsitaterako bidean dauden ikasketa-maila guztietan aldaketa ugari nabarituko dira.

Lehen Hezkuntzari dagokionez, aurretik zegoen ziklokako antolakuntza (hiru ziklo) apurtu egingo da, eta sei maila ezberdinetan banatuko da. Irakasgaiak hiru bloketan: enborrekoak, espezifikoak eta erkidegoetan libreki zehaztu beharrekoak (Euskara eta Euskal Literatura EAEren kasuan). Ingurunearen Ezaguera irakasgaia bi arlotan banatuko da; alde batetik Gizarte Zientziak, eta bestetik Natur Zientziak. 4.mailan herritartasunerako hezkuntza desagertu egingo da. Arte hezkuntzari dagokionez, ez da derrigorrezkoa izango; eta Erlijioa edo haren alternatiba den Gizarte eta kultura baloreen artean aukeratu beharko dute ikasleek. Hirugarren eta seigarren mailetan bi errebalida ezberdin egongo dira. Lehendabizikoa autonomia erkidegoek arautu egingo dute, eta bigarrena aldiz, Espainiako Hezkuntza Ministerioak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bi ziklotan banatuko da; lehenengo mailatik hirugarren mailara, eta laugarren maila. Lehen hezkuntzaren antzera, irakasgaiak hiru bloketan banatuko dira: enborrekoak, espezifikoak eta erkidegoetan libreki zehaztu beharrekoak (Euskara eta Euskal Literatura). Beste aldaketetako bat, herritartasunerako hezkuntza 2.mailan desagertuko dela da. Hirugarren mailan bi matematika ezberdinen artean aukeratu beharko dute ikasleek, ikasketa akademikoei zuzendutakoa batetik, eta ikasketa aplikatuei zuzendutakoa bestetik. Horren ondorioz, ikasleak bi laugarren maila ezberdinetan banatuko dira: irakaskuntza akademikoari zuzendutakoa (batxilergoa ikasi nahi duten ikasleentzat), eta irakaskuntza aplikatuari zuzendutakoa (Erdi Mailako Ziklo bat ikasi nahi dutenentzat). Oinarrizko Lanbide Heziketara joatek aukera emango zaie 4.mailara pasa ezin diren ikasleei, eta 2.mailan arazoekin dabiltzanei. DBHko titulua lortzeko gainditzea ezinbestekoa izango den errebalida bat ezarriko da laugarren mailan, Espainiako Hezkuntza Ministerioak diseinatu eta zuzenduko duena, eta titulu hori emateko ardura haren esku geratuko da. DBHko azkeneko nota honela antolatuta geratuko da: %70 DBHko nota, eta %30 errebalidan lortutakoa. Enborreko irakasgai guztiak eta bi espezifiko (EAEren kasuan ikasgai espezifiko bat euskera edo euskal literatura izan behar da) sartuko dira azterketa honetan.

Batxilergoarekin jarraituz, hiru modalitate ezberdinetan banatuko da, adar teknologikoaren desagerpenarekin: Zientziak, Humanitatea eta Gizarte Zientziak, eta Artea. Irakasgaiak hiru bloketan antolatuko dira: enborrekoak, espezifikoak eta erkidegoetan libreki zehaztu beharrekoak. Selektibitatea desagertu egingo da, errebalida berri bat ezarriz, DBHkoaren antzeko ezaugarriak izango dituena. Aipatzekoa den aldaketa bakarra ebaluatzeko modua izango da; izan ere, azkeneko notaren %60 batxilergoko nota izango da, eta %40 errebalidan lortutakoa.

Lanbide Heziketa titulu profesionala izango da, ez akademikoa, eta gaur egungo PCPI ordezkatuko du. Hamalau titulazio desberdin eskainiko dira eta ikasleak 15 urtetik aurrera izango du hemen sartzeko aukera.

Unbertsitateen kasuari eutsiz, aipatu beharrekoa da unibertsitate bakoitzak erabakiko duela bertan sartzeko bidea zein izango den. Gainontzeko irakasgaien maila berean kokatuko da Erlijioa. Erlijioa ebaluagarria izango da eta kontuan hartuko da beketarako.

Horretaz aparte, garrantzitsua da aipatzea sexuaren arabera banaketa egiten duten ikastetxeak diruz lagunduko direla. Gainera, diru publikoa erabili ahal izango da ikastexe pribatuak egiteko, eta ikastexeen emaitzetan oinarritutako rankina sustatuko dute.

Gai honen inguruan geneukan jakinmin handia eta informazio eza ikusita, gobernuak ezarritako hezkuntza-erreformaren inguruan gehiago sakontzea erabaki genuen, EspainiakoHezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren webgunean eta LOMCEren aurkako EAEko irakasleen plataformaren webgunean erraztutako informazioa aztertuz. Gai hau jorratzeko arrazoi nagusietako bat etorkizuneko hezkuntzarekiko daukagun kezka izan da, bai gure seme-alabek eta bai irakasleok pairatu beharko baititugu lege honen ondorioak. Gizarte-gatazka bat dago gai honen inguruan, eta jendearen pasibotasuna eta informazio urria nabaria da.




2014(e)ko urriaren 7(a), asteartea

Irakasle bati elkarrizketa

       Gaur nire irakasle ohi batekin elkartzeko aukera izan dut. Bere izena Lontxo da eta Gorputz Hezkuntza da bere espezialitatea. Denbora asko igaro denez azken aldiz elkar ikusi genuenetik, elkarrizketa hasi aurretik gure azkenaldiko bizipenak kontatu dizkiogu elkarri.

       Behin elkarrizketa hasita, oso gustura erantzun dizkit egindako galderak, eta nik ere arreta handiz entzun ditut bere hitzak, etorkizunean berak kontatutakoa bizi dezakedalako.

       Batez ere bi momentu zail azpimarratu ditu bere bizitzan. Alde batetik, karrera amaitzean lana aurkitzeko izan zituen zailtasunak; eta bestetik, zuzendaritza taldean egondako urte gogorrak. Hala ere, zailtasun hauetatik irten ahal izan zen inolako arazorik gabe. Umeren batekin ere arazoak izan dituela aipatu du, baina lasaitasuna mantentzea, egoera kontrolatzea eta buruarekin jokatzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du.

       Horretaz gain, irakasleek formakuntza egokiagoa jaso beharko luketela azpimarratu du, izan ere, harentzat garrantzitsuena eguneroko bizitzan (irakaskuntzan) nola jokatu behar duzun jakitea da.

       Bere espezialitatea Gorputz Hezkuntza izanik, ikasgai honen egoerari buruz galdetu diot eta bere erantzuna argia izan da. Bere ustez ikasgai honi garrantzia gutxi ematen zaio, eta errua gizartearena eta hezkuntza sistemarena da.

       Azkenik, irakasle on batek behar duenari buruz galdetu diot eta berak hiru ezaugarri proposatu ditu: formakuntza egokia, bokazioa eta inteligentzia emozionala, hau da, jendearekin erlazionatzen jakitea, psikologikoki ikasleak ezagutzea...

       Niretzat eredugarria izan den irakasle baten hitzak entzuteak, gauza berriak ikasteko balio izan dit. Gustura egon naiz bere esperientziak entzuten eta nire etorkizunean aurki dezakedanaz ohartu naiz.

2014(e)ko urriaren 3(a), ostirala

La educación prohibida



Iritzi ezberdin asko daude gaur egungo hezkuntzaren inguruan. Ikusitako dokumentala horren adibide garbia izan daiteke, pentsamendu ezberdineko irakasle ugari ageri baitira bertan. Gutxi batzuk gaur egungo hezkuntza sistema defendatzen dute; beste batzuk ordea, gizakiaren garapenaren oinarri izan behar dela diote. Lan honen inguruan gehiago sakontzeko era askotako iritziak aztertu ditugu.

Alde batetik, bideoan indibidualismoa sustatzen dela dio irakurri dugun kritiketako batek, gizakiaren garapen eta nahi indibidualak asetuz. Bestalde, dokumentalaren aurka dagoen beste argudio nagusietako bat, bertan defendatzen den ereduak hezkuntzaren pribatizazioa onartzen duela da. Izan ere, kontrako argudioak esaten duen moduan, filman agertzen diren irakasle, pertsona, zein lekuek goi mailako gizarte bat irudikatzen dute, eta ez pobrezia edo herri xumea. Dena den, azpimarratu beharra dago dokumental honek hezkuntza ereduaren inguruan hitz egiten duela, eta ez eskola publiko edo pribatuei buruz. Horregatik ez gaude kritika honen alde, bi kontzeptu ezberdin nahasten baititu.

Gure ustetan eta dokumentalaren arabera, gaur egungo hezkuntza sistema  kapitalismoaren oinarri nagusietako bat da. Izan ere, errobotak besterik ez ditu garatzen, norbanako gisa eduki daitezken berezitasunak kontuan hartu gabe eta modu berean ikasleen arteko lehiakortasuna bultzatuz.

 Horretaz gain, urteak pasa diren heinean gizartea ere aldatu egin da, baina badirudi hezkuntza zaharkitua geratu dela, materia zein tresna berritzaileak sartu arren, eredua ez delako garatu. Filmarekin ia osotasunean bat egiten dugun arren, aipatu beharreko kontu bat daukagu, izan ere, ez du inolako konponbide edo alternatiba zehatzik proposatzen.


Laburbilduz, dokumentalarekin bat gatoz gaur egungo hezkuntza kapitalismoaren oinarri bat dela dioenean, leihakortasuna gehiegi sustatzen duelako, garapen indibidualaren ordez enpresa handietara bideratutako banakoak sortuz eta sormena suntsituz. Beraz, gure ustez eskolan irakurtzen, idazten eta eragiketak egiten irakasteaz gain, garapen pertsonala askoz gehiago sustatu beharko litzake, eta elkarlana bultzatzen duten alternatibak aurrera eramanez.

2014(e)ko irailaren 25(a), osteguna

LOMCEren ondorioak


Diapositiben aurkezpen honek LOMCE delako lege berriak eragingo dituen aldaketa nagusiak erakusten ditu. Aldaketen artean, dirulaguntzen eta hezkuntzarako aurrekontuaren murrizketak daude. Hauen eraginez, baliabide gutxien dituzten ikasleak hezkuntza sistematik kanpo geratuko dira hainbat kasutan (unibertsitatera sartzeko matrikula ordaindu ezinean, atzerrira joateko bekak...) edo zailtasun handiekin ibiliko dira ikasi ahal izateko.

 Bestalde, beste hizkuntza ofizialen garrantzia jaitsiko da (gurea barne) gaztelerari statusa igoz eta Eusko Jaurlaritzari hainbat konpetentzia kenduz. Hortaz aparte, legeak balore erlijioso eta tradizionalak berriro ezarriko ditu, batxillergoan erlijioko arloa notarako balioko duelarik. Sexu bereizketa egiten duten ikastetxeek ere berriro jasoko dituzte dirulaguntzak.

 Taldekideok ondorioztatu dugu lege honen ondorioz hezkuntzaren kalitateak nabari egingo duela behera eta ikasleon eskubideak murriztuko direla (bereziki euskaldunenak).

Irauli ezazu hezkuntza sistema!




  

 Gaur egungo hezkuntza sistema zer bidetik doan ikusita bideo hau nahiko egokia iruditu zaigu irakasleen errealitatea azaltzen baitu. Izan ere, irakasleak gero eta kaltetuago azaltzen dira eta hauek egiten duten desobedientzia bideoan laburki azaltzen da.

Etorkizuneko hezkuntza


Gure taldean irudi hau aukeratu dugu gure ustez gaur egungo eta etorkizuneko hezkuntzaren ispilua delako. Adibidez, gure graduan ere hainbat klase ordutan ez dago tokirik ikasle guztiak esertzeko, hauek zutik edo lehioetan eserita egon behar dutelarik. Egoera hau, urtero gobernu ezberdinek egiten dituzten murrizketen ondorio da. Argi dago gauzek horrela jarraitzen badute ikasleek baldintza okerragoetan eta deserosoagoetan ikasiko dutela, hau da, irakasle eta baliabide gutxiago izanez gero hezkuntzaren kalitatea jaitsi egingo da. Egoera hau salatzeko eta gure desadostasuna adierazteko irudi hau aproposa iruditu zaigu.

Garun Paralisia

Aukeratu dugun web orria garun paralisiari buruzkoa da. Web orri honek garun paralisiaren inguruko informazio interesgarria ematen du. Ume hauen inguruan interesa izatekotan web gune honetan sartu, ez izan zalantzarik. Guri web orri honek arreta deitu digu ume hauen hezkuntza oso garrantzitsua delako, eta nahiz eta gure aukera berdinak ez izan, haiek ere hezkuntza duina merezi dutelako.